ETA-REN AGIRIA EUSKAL HERRIARI.
EGUNERO eta GARAn argitaratua 2003ko maiatzaren 11a.
ETAren agiria Euskal Herriari
Agiria ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, Euskal Herriak maiatzeko hauteskundeen atarian bizi duen egoeraren inguruko bere hausnarketa eta jarreraren berri eman nahi dio euskal jendarteari Agiri honen bidez. Ondorengo adierazpenarekin batera, gure aburuz, Euskal Herriak dituen erronkei erantzuteko oinarrizko gakoak eta bideak zeintzuk diren ere jakinaraziko dugu.
Maiatzaren 25eko hauteskundeak:
Gure herriaren zati batean hauteskundeak egitekotan dira hilabete honetan. Gure herrian beti arrotzen edo jauntxoen legedipean egin dira hauteskundeak, ez da egon inoiz hauteskunde demokratikorik. Hala ere, herritar xumeek, langileek, norberaren eskubideen defentsa eta ongizatea besteren zanpaketan oinarritzen ez dugunok, oztopo guztien gainetik hautes-eskaintzak antolatzea lortu dugu, herri xumearen iritzia, nahia eta jakinduria instituzioetara eramanez.
Beraz, Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaian hauteskundeak egitera doaz. Herri eta foru hauteskundeak. Oraingoan herriaren antolakunde bat, Batasuna, Espainiako legeditik kanpo utzi dute. Eraso orokor eta etengabe baten beste katebegi bat izan da. Espainiako estatuak erabakitzen du bere botere guztiak urrats bateratuan ibilaraziz. Eraso horri itxura zibila ematearren PP eta PSOE alderdiak jarri dituzte Franco eta Molaren fruitu pozoituekin egindako edabeak zerbitzen.
Beste alderdi politiko batzuk, berriro ere, herritarren aurkako eraso berri horretatik onura lortzea beste asmorik ez dute erakusten. Sudurzuloak tapatuz, beste aldera begiratuz eta erruduna jipoia jaso duena dela esanez, faxismoaren edabe pozoitua edateari ekin diote.
Ohitura errotua dute PNV, EA edota IU bezalako alderdiek: GALen garaian horrela egin zuten, euskal borrokalarien sakabanaketaren aurrean horrela egin zuten, elkarrizketa eta negoziazioari bidez askapen prozesuak urratsak egin diren bakoitzean horrela egin dute. Askatasunari beldur diote eta agintzen duen faxistaren agindutara agertzen dira, espantuak eginez, baina esaneko. Hain zuzen ere, onurarik jasotzea espero baitute Espainiak gure Herriari eragiten dion zigorrari esker. Morroi ez direla aldarrikatzen dute, bizkarra ondo konkortuta, eta begirunezko txapela ematen diote euskal herritarrak torturatzen eta hiltzen dituztenei.
Etsi edo itsutu gabe, herritarrek hamaikagarren antolaketari ekin diote, herritarren justiziazko ahotsa instituzioetara eramateko, bertan jauntxo eta aberatsek lekukorik gabe nahi dutena egiterik izan ez dezaten, bertatik gure herriaren oinarrizko eskubideak defendatu eta egikaritzeko.
Horiexek izanen dira boza erabilgarrienak, horiek izango baitira Euskal Herria eraikitzeko ezinbesteko adreiluak. Espainiak debekatutako bozak izango dira, baina ez baliogabeak. Oso baliotsuak baizik. Gaur egungo ustelkeria mantentzeko formula zaharkituak alde batera uzteko bozak, proposamen zintzo eta eraginkorren bidez Euskal Herria bake eta demokrazian oinarritutako herri eraikuntzan aurrera eramango duten bozak. Euskal Herriaren etsaiei zinez min emango dioten bozak: duintasuna eta borrokaren bozak.
Adierazpena:
Maiatzeko hauetan bezala, aldian behin, euskal herritarrek hautes eremu eta legedi atzerritarren pean hautu politikoak egiteko aukera izaten dute. Hori izan da utzi diguten ariketa demokratiko bakarra: Espainia ala Frantziako demokrazian parte hartzea.
Azken urtean, euskal herritarrei galde egiteko proposamen berriak plazaratu dira. Ezker abertzalearen urte luzeetako borroka konpromisoaren oinarrizko araua ematen dute ontzat proposamen berri horiek: alegia, Euskal Herriak ez duela bere hitza eman oraindik, eta ez duela modu demokratiko batean emateko aukerarik ere.
Herri galdeketan oinarritutako proposamen orok poza sortzen du. Eta ezin da besterik gabe alboratu. Oso serioa baita Herriari galde egitea. hain serioa, hori baita ETA-ren borrokaren ardatz nagusietarikoa.
Hartara, Euskadi Ta Askatasunak bere posizioa bergogoratu nahi du:
1.- Euskal herritarrei beren etorkizunari buruz galdegitearen alde gaude erabat. Are gehiago, euskal herritar guztiei, berdintasunean eta baldintza gabe galdetu behar zaie. Askatasunean eta justiziaren arauz egiten bada, galde hori dago gatazka ororen konponketaren oinarrian.
2.- Euskal herritarren borondatea baldintza baketsu eta demokratikoak agertu ahal izatea gure borrokaren arrazoietariko bat da. Eta Euskal Herriaren hitza beti errespetatzeko zina egina du Euskadi Ta Askatasunak.
3.- Gure historiaren bihurgune berri honetan erru onartezina litzateke egoerari irtenbidea emateko ardura eta aukera duten guztiek, beren erantzukizunari ihes eginez, aurkaria edota etsaia zanpatzeko epe eta ikuspegi motzeko taktika partzialak aplikatuz gatazka luzatu eta gordintzeko eta gordintzeko apustua egitea. Eta horretan ari dira Espainia eta Frantziako estatua eta baita PNV ere.
4.- Euskadi Ta Askatasunari dagokionez, Euskal Herriaren oinarrizko eskubideen aldeko gure defentsa alboraezinarekin batera, gure borondate sakon eta irmoa agertzen dugu konponketaren bidean behar diren urratsak ibiltzeko. Euskadi Ta Askatasunaren ateak zabalik daude. Besterenak daude itxirik.
5.- Gaur egungo egoeraren gainditzea ez da pertsona, erakunde edota instituzio bakar baten kontua. Gatazkaren konponketak, gure herriaren berreraikuntzak bezalaxe, indar eta borondate guztien beharra du. Hartara, gure egiten ditugu indarrak eta egitasmoak adostuz aurrera egitera dei egiten duten aldarrikapen guztiak.
6.- Euskal Herriak eta euskal herritarrek aurrera begira dituzten erronka nagusiak hauek dira ETAren iritziz:
Euskal Herriaren zalantzagabeko eta zilegitasunezko defentsa tinkoa egitea.
Euskal Herriaren biziraupenerako eta garapenerako oinarrizko zutoinak egitea.
Defentsa eta eraikuntzan oinarritutako egitasmo nagusi horiek ahalik eta adostasun handienaz antolatzea.
Azkenik, Euskadi Ta Askatasunak jakinarazten du Asanblada prozesu bat amaitu duela eta laster batean emango diola Euskal Herriari eztabaida prozesu horren berri zehatza.
Horiek horrela, Euskadi Ta Askatasunak borrokarako bezain konponketarako prest, gure etsaien aurrean ez dugula inoiz etsiko argi eta ozen aldarrikatuz, urte luzeetako borrokak emandako zilegitasunean oinarrituz herritarrei dei egiten diegu, nork bere alorrean eta dituen ahalen arabera duen guztia eman dezala gure herriaren alde. Guk, gure aldetik, Euskal Herria burubihotzean, gure ama-lurraren defentsan bizia ematerainoko konpromisoa berresten dugu.
Euskal Herrian, 2003ko maiatzean
Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A
![]() |